Ongi etorri!!
Bueno, bueno. Bazen garaia. Aspaldidanik nuen blog bat sortzeko ideia buruan bueltaka. Baina hainbat aitzakia direla medio, beti atzeratu egin dut momentua. Denbora asko kenduko dit... Lan garrantzitsuagoak baditut egiteko... Eztu inork irakurriko... Baina gaur, horrela bapatean, nere txokoarentzat izen aproposa etorri zait gogora: Leihoak zabalik.
Zergatik leihoak zabalik? Ba ateak ixteak beldurtu egiten nauelako. Bizitza honetan momentuoro erabakiak hartzen ari gara: Ohetik jeiki edo pixkat gehiago geratu. Burua gaur garbitu edo bihar garbitu. Gosaritan gailetak jan edo zopak egin. Eta erabaki bat hartzeak beste aukera alde batera uztea esan nahi du. Kamiseta berria jantziz gero ezingo duzu alkandorak egiten dizun tipoa erakutsi. Karrera bat ikastea aukeratuz gero beste asko ikasteari uko egiten ari zara. Bikotekide batekin egoteak beste bikotekide posible bat ezagutzeko aukera murrizten dizu.
Eta nik beldur haundia diot horri. Eta beraz, ahal dudan bezainbeste atzeratuko dut erabaki bat hartzeko unea. Azken unean esango dizut eskaini didazun planera apuntatzen naizen edo ez. Eta beharbada, bost minutu beranduago berriz deituko dizut, nere iritzia aldatu dudala esateko.
Baina nere lagun oso on batek, esaldi bakar batekin, ikuspegia aldatu arazi dit:
"Ate bat ixten den bakoitzean leiho bat zabaltzen da"
Errazagoa da atean zehar pasatzea, leihotik pasatzea baino, noski. Baina behar izan ezkero, leihotik ere pasa gaitezke. Alegia beti dago aukera aukeratutako bidea gustoko ezpadugu buelta erdia egin eta beste norantza bat hartzeko. Baina gustoko ote duzun jakiteko, bidea ibili egin behar da lehendabizi. Biderik aukeratu gabe, ezin inora iritsi.
A ze txapa lehen egunerako. Baten batek irakurriko al du!

Zabaldu
del.icio.us