Bukatu da oraingoz ikasketa garaia. Bukatu dira azterketak, entregatu beharreko lanak, eta egin beharreko aurkezpenak.
Bukatu dira bizi batetik besterako saltoa, bien arteko mugarria izan nahi zuten oporrak, nahi ez bezalakoak suertatu direnak.
Eta hasi da bizi berria. Egunero zortzi ordu lanegin, astelehenetik ostiralera. Arratsaldeak libre. Asteburuak libre.
Baina hainbeste denboran honen zain egon ondoren, denbora libre hau noiz izango, kontzientziko kargarik gabe noiz atera ahal izango, orain ezin igaro orduak azken bi urteetan nire ondoan egon denarekin.
Orain, arratsalde luzeak hondartzan pasa ditzakegunean, asteburuetan edozein txokotan galdu gaitezkeenean, jada eztu nere beharrik. Jada aspertu da. Jada itxi dit atea.
Eta ulertzen dut. Beti nik baino gehiago eman duelako. Beti edozertarako prest azaldu delako. Eta nik ezin izan diodalako inoiz maite dudala esan. Eta denok dugulako muga bat.
Ze aldrebesa den maitasuna. Ze irrazionala. Nere buruko neurona guztiek berekin zoriontsu izango nintzela esaten zidaten. Tipo jatorra da, alaia, langilea, goxo-goxoa, detallista. Goxamen hutsa. Senar ederra izango litzateke, eta ziur nago munduko aita onena izango dela.
Eta nere bihotza beti ezetzean. Enaizela maitemindu. Eztudala behar bezala faltan botatzen. Eztidala tripak bueltarik ematen bera ikusten dudanean.
Oraindik ere, barru barruan, berak behar bezala maiteko duen neska bat merezi duela pentsatzen dut, eta nik ere sentimentu horiek norbaitegatik sentitzea merezi dudala uste dut.
Baina ze zaila den onartzea gureak eztuela funtzionatu. Eztudala nere bizitza berekin konpartituko. Enaizela ni izango hainbeste desiatzen dituen haur horien ama. Eztudala bere azal leuna laztanduko gehiago. Eta egoista den arren, ze zaila den onartzea jada enauela lehen bezala maite.
Hobby bila hasi behar dut. Jende berria ezagutzeko premia daukat, eta burua lanpetuta edukitzekoa. Gomendiorik bai?